FEVEko Bilbo-Santander trenbidea eten dute G7aren aurka

https://topatu.eus/edukia/feveko-bilbo-santander-trenbidea-eten-dute-g7aren-aurka

Uztailaren 20ko goizaldean egin zuten ekimena gazte batzuek. Neumatiko batzuei su emanez Bilboko merkantziazko trenen sarbide nagusia moztu zuten. Deia luzatu diete Euskal Herriko gainerako gazteei tokian tokiko sabotaiak eginez G7aren aurka borrokatzeko.

Uztailaren 20ko goizeko lehen orduetan, hainbat gaztek FEVE merkantziazko trenen bidea moztu zuten Bilbon ordu batzuez. Azpiegitura garrantzitsu bat eten zuten ekimen honekin, Bilbo-Santander bidea baita merkantziazko trenek hiriburura duten sarbide nagusia. 4 neumatiko errez lortu zuten mozketa gauzatzea, eta pankarta bat ere zabaldu zuten "G7aren aurrean euskal gazteria borrokan" leloa zeramana.

Topaturi helarazitako oharrean azpimarratu dutenez, ekimen honen helburua abuztuan Biarritzen ospatuko den G7 gailurraren aurka egitea izan da, eta gailurraren aurka mugitzen ari den borroka orokorraren baitan kokatu nahi izan dute sabotaia. Halaber, deia luzatu diete gainerako euskal gazteei tokian tokiko sabotaiak egiteko eta G7aren aurkako plataformak antolaturiko protestetan parte hartzeko.

Published data: 2019/09/02

Events